








BIZKAIMENDI Landa Garapenerako Elkarteen Federazioak koordinatzen eta kudeatzen ditu BIZKAIMENDI Bizkaiko Landa Garapenerako Elkarteen proiektu komunak, eta bere helburua landa-inguruneko biztanleen bizi-baldintzak hobetzea eta horiei zerbitzuak eskaintzea da Bizkaiko landa-guneentzat Programak prestatuz eta burutuz, horien garapen integrala landaren ikuspuntutik sustatzen ahalegintzeko helburuz.
BIZKAIMENDIK nekazaritza-sektorearen baliabide ekonomikoak garatzen eta sektore horretatik eratorritako produktuak eraldatzen eta merkaturatzen lan egiten du, eta beste jarduera batzuen artean, merkaturatze-proiektuak, nekazaritza-ekoizpen berritzaileak eraldatzeko proiektuak eta zuzeneko salmentaren sustapena bultzatzen du. Horregatik guztiagatik, BIZKAIMENDIk azken urte hauetan Bizkaiko nekazaritza-azoka eta merkatu interesgarriei laguntzeko zenbait ekintza jarri ditu abian.
LANDATURek azkeneko urte hauetan Bizkaiko azoka eta merkatuen eta horietan parte hartzen duten nekazaritza-elikagaien ekoizleen aholkularitza teknikorako, jarraipenerako eta kontrolerako zenbait lan egin ditu BIZKAIMENDIrentzat, tokiko produktuen zuzeneko salmenta eta merkaturaketarik onena sustatu eta bultzatzeko helburuz.
Gizartea bere landa-ingurunearekin hartu-emanean egotea funtsezkoa da horri bizirik eusteko.Azoka eta merkatu tradizionalak elementu estrategikoak dira, erakarpen-gune eta irudiaren eta kalitatearen erakusleiho gisa betetzen duten eginkizunaren garrantzia kontuan izanik, eta hori dela eta, BIZKAIMENDIk funtsezko piezatzat ditu landa-garapenerako programetan, eta horrexegatik erabili behar dira gizarteari jakinarazteko gure landa-inguruneak baliabide gizatartua izaten jarraitu behar duela, bertako erabilera ekonomiko tradizionalei bere horretan eutsiz.
Ekimen hauen helburu nagusia herritarrak gure nekazaritza-elikagaien balioaz, horiek ekoizten dituzten baserritarren lanaz eta horrek gure landa-inguruneari eta naturari dakarkion onuraz jabetzea da.
Azokei eta tokiko ekoizleei laguntzeko lan-ildo horren barruan, Landaturrek jarraipenerako eta kontrolerako zenbait ekintza egin ditu 2004. urtetik gaur egun arte:
- Nekazaritza-elikagaien azoka eta merkatuen Jarraipen eta Kontrol Teknikorako lanak.
- Horrelako azoketan parte hartu ohi duten Bizkaiko nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiapenetan Jarraipen eta Kontrol Teknikoko bisitak egitea.
- Entitate antolatzaileei zuzendutako Erreferentziazko Zerrenda bat prestatzea eta eguneratuta edukitzea, Bizkaiko azoka eta merkatuetara joan nahi duten ekoizleak bilduko dituena.
- Informazio eta kontsultarako zenbait material prestatzea eta ezagutzera ematea azokak antolatzen dituzten entitateentzat (“Bizkaiko tokiko nekazaritza-elikagaien azoka eta merkatuak ANTOLATZEKO Eskuliburua”) eta bertara joaten diren ekoizleentzat (“Bizkaiko tokiko nekazaritza-elikagaien azoka eta merkatuetan PARTE HARTZEKO Eskuliburua”).